Ikerketa

Arkeolanek burutzen dituen ikerketa garrantzitsuenak Vasconiako Garai Iluna ezagutzera bideratuak daude; erromatar inperioaren desegitean hasi, V. mendean, eta Gipuzkoako lurraldearen lehenengo aipamen dokumentala agertu bitarte, 1025. urtean, luzatzen den garai hermetikoa. Gure ikerketa plangintzan, erromatar garaiko aztarnak abiapuntu kontsideratzen dira testigantza berantiarragoak topatzeko. Bestetik, Gipuzkoako 27 hiribilduak, lehenengoa –Donostia- 1180an fundatua eta azkena –Villareal- 1383an, errege-berrespen eta hiri-gutunaren aurretik herriguneak zeuzkatela kontutan izan behar dugu. Egoera honek, jatorrizko okupazioaren testigantzak identifikatzeko bidea irekitzen du; hau da, muga kronologiko modernoagoetatik hasi eta Goi Erdi Aroko garai ezezagunetara iristea.

Esan beharra dago, hala ere, burututako lanak bere fruituak eman dituela eta, gaur egun, Gipuzkoako historiaren kateak epe guztiak lotzen dituen kate-mailak dauzkala. Oraindik arazoak aurkezten ditu -oso ezagunak ez izanagatik- V. eta X. mendeen bitartean luzatzen den garaiak, baina dagoeneko ez da duela hamarkada batzuetako zulo beltza.

Ikerketa adibide adierazgarrienak

Oiasso hiri-aglomerazioa

Oiasso, XX mende bukaerako gertakari arkeologikorik garrantzitsuena da Gipuzkoa mailan. Ezerezetik, 12 eta 15 hektarea bitarte izan zezakeela kalkulatzen den hiri bat azaleratu da. Esku-hartze arkeologikoek Oiasso hiri baskoiaren kokalekua Irungo erdigunean finkatzea ahalbidetu dute.

Gune erromatar honetako jarduera, garrantzizko portu baten inguruan garatzen zen, K.o. 70 eta 200 urteen bitartean mugimendu handia ezagutu zuena. Hiriko hainbat tokitan burututako aurkikuntzak, 2006an inauguratutako Oiasso Erromatar Museoaren hazia izan dira: Junkaleko Santa Maria parrokiaren inguruan, Santa Elena Ermitan, Aiako Harriko meatzean, eta Santiago zein Tadeo Murgia kaleetan.

Oiasson identifikatutako testigantzak –momentura arte- K.o. I-V mende bitarteko asentamenduarekin erlazioan daude. Beraz, eta ezagutzan aurrera egin ahala, bi ikerketa helburuk indarra hartzen dute: garai honen aurreko asentamendu baskoia batetik -Oiasso, Oiasso aurretik-; eta Oiasso erromatarreko biztanleak, garai honen ondoren, finkatu ziren kokalekua bestetik- Oiasso, Oiassoren ondoren-.

Meatzaritza erromatarra

Oiassoko hiri-aglomerazioaren inguruetan, zilar, kobre eta burdin meatzaritzaren aztarna garrantzitsuak identifikatu dira, goi inperio garaikoak. Ustiaketak, Aiako Harriko granitozko mendigunearen aureola metamorfikoarekin daude erlazioan; azken hau, Irun, Oiartzun (Gipuzkoa), Bera eta Lesakako (Nafarroa) udalerrietatik zabaltzen delarik. Dozenaka meatzaritza unitate aurkitu dira azken urte hauetan, lan mota ezberdinez osatutako tipologia anitz bati erantzuten diotenak: miaketa, zirkulazio edo ustiaketarako galeriak; tximiniak; putzuak; galeria inklinatuak; eta drainatzerako soluzioa nabarmenak –lurpeko akueduktua edo Arditurriko meatzearen cuniculus-aren kasuan bezala-. Aiako Harriko ustiaketa jardueraren hedadurak, Oiasso erromatarrak meatze-barruti bat izan zezakeela planteatzea ahalbidetu du.

Felix Ugarte elkartearen laguntzarekin -lurpeko ondarearen azterketara bideratutako taldea-, antzinako meatzaritzaren inguruko ikerketa Gipuzkoako beste meatze abandonatu batzuetara zabaldu da. Aralar mendilerroan Brontze Aroko kobre meategiak azaleratu dira, hauetan, gainera, erromatar garaiko ustiaketen testigantzak agertu direlarik.

Hiribilduak

Hiri arkeologiara bideratutako urteetako lan eta esperientziak, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 74 hiribilduen inguruko ezagutza maila zabaltzea suposatu du. Ikerketa lerro honek, adibidez, Gipuzkoako Erdi Aroko hiribilduen defentsarako arkitekturaren elementu nabarmenenak definitzeko tipologia bat eratzeko datu-banku bat eskuragarri izatea ahalbidetu du.

Ikerketa lerro nagusiak hobi, cava, eta minacava elementuen azterketara zuzenduak daude.

Ikuspuntu arkeologikotik, hobi hauek, hiru metroko lodiera izatera irits daitezkeen sedimentu metaketez beteak agertzen dira; lokatzak izan ohi dira, ilunak, eta hezetasun maila handia aurkezten dute. Azken ezaugarri honi geruza hauen oxigeno falta gehituz, soilik, uler daiteke material organikoen kontserbazioa; normalean erregistro arkeologikoetan agertzen ez diren elementuak baitira. Egur zein larruzko objektu, hazi edo begetalen kasua da. Bestetik, eta erregistro arkeologikotik ondoriozta daitekeenagatik, hobi hauek etxeko hondakinak botatzeko zabortegi modura erabiliak izan ziren. Ezaugarri guzti hauek, aipatutako espazioak Behe Erdi Aroko bizimodu urbanoaren inguruan gehiago jakiteko lehen mailako informazio iturri bihurtzen ditu.

Castella

2008. urtetik aurrera hainbat esku-hartze arkeologiko burutu dira Oiassoren ondorengo habitataren inguruko testigantzak identifikatzeko helburuarekin, asentamendu urbano hau V. mendean abandonatu ondoren gertatu zena ulertze aldera. Ezagutzen diren eredu historikoei erreparatuz, Oiasso abandonatu ondoren inguruko tokiren batean finkatuko ziren, defentsa ezaugarri hobeak eskainiko zituena, garaiak eskatzen zuen beharrei erantzunez. Gazteluek, castella, abandonatutako gune urbanoen herentzia jasotzen dute, lurraldea beren ordenamenduaren arabera antolatuz eta hauen gaineko kontrola ezarriz. Castella hauek, Behe Erdi Aroan, burgu edo hiribildu bilakatuko dira, boterea gune hauetarea mugituz.

Oiasso gune urbanoaren inguruan Erdi Aroko bi gaztelu daude dokumentatuak: Beloagakoa eta Hondarribikoa. Biak, Ximenez de Radak azaltzen duenez, Gaztelaren menpera pasa ziren 1200 urtean. Beloagakoa, tradizionalki, Arkaleko haitzetan aurkitzen diren aztarna batzuekin identifikatua izan da, baina, orain gutxi burututako ikerketek, testigantza hauek XVIII mendeko eta honen osteko fortifikazioarekin erlazionatuta daudela frogatu dute. Honen ondorioz, Beloaga eta honen inguruari buruzko kontsiderazioak birplanteatuak izan dira. Beste errealitate bat hartu da abiapuntu bezala, Arkaleko haitzetan, Peluko torrea eta Trapadako muinoetan, identifikatutako eraikuntza-elementuen existentzia, hauen atzealdean eta kota altuagoan Urbake mendiaren tontorra geratuz. Kokaleku hauetan guztietan miaketa lanak burutu dira, Urkabe mendian lortutako emaitzak direlarik azpimarragarri, bertan zundaketekin hasi eta eremu zabal batean irekitako indusketari ekin zitzaiolarik ondoren. Esku-hartze honetan berreskuratutako hainbat lagin Uppsala-ko Unibertsitatera bidaliak izan ziren C14 bidez datatuak izateko. Emaitzek K.o. III eta IV mendeetako kronologia finkatu zuten, Urkabe behe inperioko okupazio gune izan zitekeenaren hipotesia baieztatuz.

Mendi arkeologia

Aizkorri mendigunean, 1988 eta 2001 urteen bitartean, artzaintza jarduerarekin erlazioa duten okupazio eredu sorta bat finkatu genuen. Ez dira bereziki deigarriak arkitektura monumentala edo material ikusgarria izanagatik, baina gure Historiako garairik ezezagunenak osatzeko baliagarriak dira. Antzinate Beranteko zein Goi Erdi Aroko etxolen aztarnak dira; erromatar garaiko, kalkokitoko, Brontze Aroko edo Burdin Aroko beste batzuekin batera. Kasu batzuetan konplexutasun maila bat aurkezten zuten kortak osatzen agertzen dira. Eredu hauek beste mendiguneetan ere errepikatzen dira, Aralar mendian zein Izarraitz mendigunean hau egiaztatzeko aukera izan dugularik. Mendi edo artzaintzaren arkeologiak, Neolitikoan hasi eta gaur egunera arteko garai kronologiko zabala hartzen du. Eboluzio honek, Gipuzkoaren kasurako, 6000 urteko serie arkeologikoak finkatzea ahalbidetzen du.

Instalazio paleosiderurgikoak

Burdinola hidraulikoen inguruko azterketek Gipuzkoan kontserbatutako aztarna arkeologikoen katalogo bat garatzea posible egin dute, hauen hondakinak ondare ikuspuntutik baloratuz. Agorregi burdinolan burututako lanak berebizikoak izan dira, zalantzarik gabe, instalazio mota hauen inguruko ikerketak finkatzeko eta, hauen bitartez, aurrekari siderurgikoekin lotu ahal izateko. Aurrekari hauetan burdinola ez-hidraulikoak aurkitzen dira, haizeolak, X. menderaino atzera egiten duten erregistroak lortu ditugularik. Era berean, azken urteotan, lehenengo instalakuntza hidraulikoen testigantzak ere identifikatu ditugu, XIV. mendekoak, antza momentu honetan gertatu zelarik hauen hedapena Gipuzkoan, ez-hidraulikoak alde batea uztearekin batera. Azken hauek, dokumentazioan, omes (gizonak) terminoa erabiliz agertzen dira, hauen eskuzko izaera azpimarratuz.

Gipuzkoako siderurgiaren ikerketa arkeologikoak, hidraulikoa zein ez-hidraulikoa, garai iluna zeharkatzea ahalbidetzen du ere. Seguru gaude erromatar garaia, erromatar aurrekoarekin batzea posible egingo duela.

Zeramika ikerketak

Indusketa arkeologikoetan berreskuratutako zeramika zatien identifikaziorako, Arkeolan Fundazioak Londreseko Museoak garatutako sailkapen tipologikoa erabiltzen du, Harris Matrix System estratigrafia oinarrietatik abiatuz. Metodologia hau talde batetik bestera pasatzeko, 1997an Caesar proiektua eraman zen aurrera, bertan parte hartu zutelarik Londreseko Museoak, Akitaniako Arkeologia Eskualde Zerbitzuak eta Arkeolan Ikerketa zentroak.

Erromatar zeramiken bildumei dagokienean, Lorea Amondarainek doktorego tesi batean lanean dihardu, Universidad Complutense-ko Angel Morillo eta Mertxe Urteagaren zuzendaritzapean; izenburu bezala Zeramika erromatarrak Oiasson (Irun, Gipuzkoa) darama.

Buztinezko pipak

Indusketetan, Erdi Aro osteko geruzetan, buztinezko pipak, agertzen diren maiztasunagatik, erregistro hauen ikerketa arkeologikorako elementurik erabilgarrienak bihurtzen dira. Gure inguruan, pieza hauen gaineko ikerketari zegokionean, existitzen zen hutsunea betetzeko helburuarekin, Arkeolanek, 1990ean, Gipuzkoan aurkitutako 340 pipa zatiek osatutako katalogoa argitaratu zuen. Penintsula mailan, mota honetako lehenengo argitalpena izan zen, ondoren berreskuratutako elementuen identifikazio eta datazioa erraztu zuen aitzindaria. Dibulgazio lan honi nazioarteko proiekzioa zuen Web orri baten sorrera gehitu zitzaion, izan ere, Gipuzkoan agertutako pipen gehiengoak Holanda, Ingalaterra zein Frantzian baitzuen bere jatorria. Informazio zehatza baina publiko orokorrari irekia; pipa hauen kopuru, kronologia eta identifikatutako fabrikatzaileen marken inguruko datuak aurki daitezke orri honetan. Egun, ikerketek bide honetan aurrera jarraitzen dute burutzen diren aurkikuntza berrien azterketaren bidez.

 

www.pipasgipuzkoa.com

Dendroarkeologia eta Dendroklimatologia

Datazio dendrokonologikoak burutzeko egun daukagun aukera ez litzateke posible izango aurrez egindako ikerketa dendroarkeologikoengatik izango ez balitz. Laburbilduz, ikerketaren funtsa erreferentziazko kronologia bat sortzean datza; hau lortzeko, bizirik dauden zuhaitz zaharretik hasi beharra dago eta, ondoren, egur zaharragoek eskaintzen dituzten eraztunekin osatzen joan, horretarako beharrezkoa izanik erreferentziako eraztunek eta honi gehitu nahi zaizkionak bata bestearengan gainjartzea posible egingo duten garai komun bat izatea. Ondorioz, gero eta zaharragoa den egurraren bilaketa eta analisia, ikerketa dendrokronologikoaren lehentasuna dira. Horretarako, zaharrak izan daitezkeen egur lagin guztiak aztertzen dira: eraikuntzan erabilitako egurra, altzariak, ontziak edo indusketa arkeologikoetan berreskuratutakoak. Prozedura honen bidez lortu da penintsulako iparraldeko haritzaren hazkundearen erreferentzia bat osatzea azken 700 urteetarako gutxi gora-behera.

Dendroklimatologia, dendrokrologiaren aplikazio ezagunenetako bat da datazioarenarekin batera. Honen helburua, hazkundean determinatzailea den aldagai klimatologikoa berregitea da, tenperatura zein prezipitazioari dagokionean.

Dendrokronologia ezinbesteko zientzia bihurtu da paleoklimaren ikerketan. Lortutako berreraiketek, erregistro klimatikoa denboran atzera hedatzea ahalbidetzen dute eta, ondorioz, metereologi-behatokietako erregistro instrumentalek finkatutako denbora-esparrua zabaltzea; modu honetan, ia informaziorik ez dagoen garai historikoetako klimaren inguruko datu fidagarriak eskaini daitezke. Aldagai klimatikoaren estatistikak aztertzeko ikuspegi berri honek iraganean gertatutako aldaketa klimatikoak ulertzen lagun gaitzake, baita aldagai klimatiko naturalaren eta jarduera antropikoak eragindakoaren artean bereizten ere.

Esparru honetan, Arkeolaneko laborategiak burututako hainbat ikerketei esker posible izan da zenbait parametro klimatiko urteko erresoluzioarekin berregitea; Arabako Mendialdean, azken 400 urteetan, izandako udako prezipitazio zein neguko tenperaturak kasu.