
Prebentzio-arkeologia
Zerbitzu honek osotasunean irtenbidea ematen die ezaugarri ezberdinetako hirigintza-proiektuei atxikita doazen esku-hartze arkeologiakoei.
Arkeolan Fundazioak burutzen duen lanaren barruan aurreikusitako obraren ezaugarrien eta lurzoruaren potentzial arkeologikoaren analisia, administrazioaren aurrean beharrezkoa den proiektu arkeologikoaren garatze eta tramitazioa eta esku-hartze arkeologikoa sartzen dira. Prozesu arkeologikoaren garapen zuzenerako oreka bat bilatzen da ondarearen babesa eta obraren beharren artean.
Esku-hartze garrantzitsuenen adibideak
Arrasateko hiri fortifikazioak (1990-2001)
Tradizionalki defendatu izan da, Euskal Herriko Erdi Aroko hiribilduek hirigunearen kanpoaldeko perimetroan aurkitzen ziren etxeen fatxadak erabiltzen zituztela euren defentsarako. Hipotesi hau, baina, arkeologiak egindako aurkikuntzei esker alboratua izan da, hiribilduek, gotortutako murru exentu bat izaten zutela frogatuz. Hirigunea inguratzen zuen harresi honek 6 metroko altuera eta 2 metroko zabalera izan ohi zuen, dorreak izaten zituen, ate gotortuak eta murruari paralelo irekitako urez betetako hobia. 1990ean, Arrasate pasealekuko 1. bis zenbakian, Iturriotzeko dorrea identifikatu zen, harresiaren murrutik pare bat metro aurreratzen den bastioi laukizuzena. Ondoko orubearen fatxada, dorrearen kanpoko lerrokadura jarraituz eraiki zen, modu honetan bi elementuak bateratuz. Bestetik, harresiaren erronda pasealekua eta bi eraikuntza zaharren zimenduak ere erregistratu ziren.1992an, Burdinolen kaleko 15. zenbakian, harresiaren parte bat aurkitu zen. Aurkikuntzek, urbanismoaren eboluzio prozesu bat utzi zuten agerian, ilara bikoitzeko etxadia izatetik –fatxadek Olarte eta Burdinolen kalera ematen zutelarik- ilara bakarrekoa izatera pasaz. 1997an, Iturriotz kaleko 17. zenbakian burututako esku hartze arkeologikoan, beste dorre baten beheko partea identifikatu zen harresian. Lortutako datuetatik ondoriozta daiteke, Iturriotz 17 eta Arrasate 1 bis kaleetako dorreetako fatxaden lerrokada aprobetxatuz, harresiaren kontra altxatutako etxeak eraiki zirela. Hau da 1489ko ordenantzek baimenduko zuten egoera. Denborarekin, ia bi metro lodi zuen murru hau itxitura konbentzionalagoengatik ordezkatuak izango zen. Prozesu honek, kasu askotan, fortifikazioaren aztarnen desagerpena suposatu zuen, ia zimenduraino erauziak izanik. Badaude salbuespen bereziak, Iturriotz 29koa kasu, bertan ia 6 metroko altxaera kontserbatu baita, ia altura original osoa, nahiz eta zenbait zulo badituen. 2001an aurrea eramandako esku-hartze batean, Iturriotz 25 zenbakiko orubean, harresia Zerkaostetako fatxadaren paraleloki jarraitzen zuela frogatu zen, hiru metro eta erdi atzerago. Bost metroko zabalera eta altuera mantentzen zituen, harresiaren goiko partea eraikuntzaren lehenengo pisuaren oinarria eusteko erabilia izan zelarik.
Santa barbara edo Goikobaluko gaztelua, Arrasate (1992-1994)
Aurkikuntza 1987 eta 1992 urteen bitartean finkatzen joan zen. Hasieran, gaztelua bertan kokatzen zenaren inguruko albisteak aintzat hartu ziren eta aurrerago, 1992an, hainbat zundaketa burutu ziren hipotesia konfirmatze aldera. 1994an, parkearen berritzea aprobetxatuz, esku-hartze arkeologiko zabalago bat planteatu zen, honek gotorlekuaren forma definitzea posible egin zuelarik: ertzeetan kuboak zituen egitura laukizuzena bat zen. 2011an, aztarnak bere osotasunean aztertzeko beharraren aurrean proiektu bat idatzi zen. Lan honi esker, Santa Barbararen beheko partean, eta muinoa inguratuz, defentsa-lerro gotortu bat existitu zitekeela planteatu zen; trazatu hipotetiko hau, ibaiaren altueran igaroko zen alde batetik eta, Gazteluondo errebaletik hiribildura sartzen zen errege-bidea jarraituz, bestetik.
Iraurgiko San Martín ermita. Azkoitia (1992)
1324koa da Azkoitiko lehenengo fundazioa, San Martín de Ahezkoitia de Iraurgi izenpean burutu zena. Alfontso XI.erregeraren eskutik Beydaçar-eko mortuero-a jaso zuten bertan bizi zirenek. Iraurgiko San Martin ermitak lehenengo biztanle hauen asentamenduaren testigantzak gordetzen ditu. Hiri-gutuna jaso eta urte gutxira, bizilagunek egungo kokalekura mugitzeko baimena eskatu zuten. Ermitaren barnealdean miaketa geofisiko zein zundaketak egin ondoren, eremu osoaren indusketa planteatu zen; honek, bertako okupazioa VII eta VIII mendeetan dokumentatzea ahalbidetu zuen. Garai berekoak dira ermitaren eraikuntzaren hego-mendebaldeko ertzean berreskuratutako sei errauts-kutxatila; izan eren, C14 bidez egindako datazioek, ondorengo emaitzak eman zituzten: 1260 +-80 BP eta 1165 +-70 BP. Kutxatila hauekin erlazioan, Goi Erdi Aroko zenbait material metaliko identifikatu ziren. Sekuentzia estratigrafikoak beste hainbat maila utzi zituen agerian: XIII eta XV mendeetan datatutako Behe Erdi Aroko ehorzketak; kanpaien fabrikaziorako XVI. mendeko labe bat; eta haur-ehorzketa modernoak.
Ignacio Zuloaga plazako indusketa (1989). Donostia
Euskal Herrian burututako lehenengo indusketa urbano handia izan zen. Lan hauek burutzearen kausa, San Telmo monasterio zaharraren kokalekuan lurpeko aparkaleku baten eraikitzea izan zen. Lur azpian aztarnak kontserbatzen ziren arren, aparkalekuaren solairuak egin ahal izateko suntsituak behar zuten izan. Elementu guztiak behar bezala dokumentatuak izan ziren; errenazimendu garaian hiribilduak zuen fortifikazioaren testigantzak aurkitu ziren, baita Erdi Aroko harresiaren zati bat ere.
Santa Teresa komentua. Donostia (1992-2001)
Eremu honetako lan arkeologikoak -ekipamendu kultural bat finkatu ahal izateko komentuko instalazioen erreformen harira burutuak- bi fasetan gauzatu ziren. Lanen garapenenean, Donostiako historiako garai ezberdinetako testigantza interesgarriak erregistratu ziren. Hauen artean, hainbat okupazio fasez osatutako Erdi Aroko hilerriaren aztarnak dira aipagarri. X. mendeko azken herenetik XIV mende bukaera arte izan zen erabilia. Ehorzketen artean, hobian egindako zein harlauzez estalitako hainbat maila erregistratu ziren. Kontestu honetan, hareharrian egindako disko-formako hainbat estela agertu ziren. Nekropolia Santa Mariako parroki zaharrari zegokion, egungoaren toki berean kokatua. Honez gain, hiribilduraren fortifikazioarekin erlazionatutako Erdi Aroko harresiaren hainbat zati agertu ziren. Aurkitutako aztarnen artean garrantzi berezia hartzen du –suposatzen duen berritasunagatik- erromatar garaiko lehenengo okupazio mailen aurkikuntzak; lehenagotik ere, alde zaharreko puntu desberdinetan, identifikatu zen garai honetako materialaren presentzia, baina, Santa Teresan, ondo definiturako estratigrafia bat erregistratu zen, garrantzizko materialarekin batera, zeramika eta eraikuntza-materiala batez ere.
Bretxako merkatuko orubearen indusketa. Donostia (1997)
Merkatu tradizionalaren eta arrandegiko eraikuntzaren birmoldaketarekin batera, gune komertziala lur-azpiko solairuan finkatu zen. Indusketa, eremu zabal batean burutu behar izan zen, bertan hiribilduko harresiaren barnealdean kokatutako bizitegi-gune bat agertu baitzen. Gune hau, 1814ko sutearen ondoren abandonatu zen, tropa angloportugesek harresian zulo bat irekitzea lortu –arrazoi honegatik deitzen zaio Bretxa Azoka-, bertatik sartu eta bidean topatzen zuten guztia aurretik eraman zutenean. Eremu hau ez zen berriro etxebizitzekin okupatu. Eraikuntza hauen zimenduak lur azpian aurkitu ziren, errenazimendu garaiko fortifikazioko baluarteen aztarnekin batera, baita Erdi Aroko harresi zati handi bat ere. Etxe hauetako baten sotoan olioa gordetzeko erabiliak izan ziren tamaina handiko treskak topatu ziren.
Zuhaiztiko orubeko indusketa. Donostia (2001)
Atotxako Plan Berezia gauzatzearen ondorioz eman zitzaion hasiera Zuhaiztiko orube publikoaren ikerketa arkeologikoari. Helburua, polikiroldegi eta lurpeko aparkaleku baten eraikuntza zen. Lehenengo fase batean grafikoki dokumentatu ziren Udal Ospitale-Ongintza Etxe zaharraren testigantzak, Echeveste arkitektoaren proiektua jarraituz XIX mendean eraikitakoa. Bigarren fase batean, eta XVII. mendean eraikitako San Francisco monasterio zaharreko aztarnak identifikatzeko asmoarekin, lurzoruaren azterketari ekin zitzaion. Lanen hirugarren fasean, orubearen gainontzeko eremua indusi zen. Honela, 1693 eta 1721 urteen bitartean eraikitako elizaren zati bat, klaustroa eta honen inguruan kokatutako gelak azaleratu ziren. 1835ean, karlistek Donostia setiatu zutenean; eraikina okupatu, hustu, eta erre egin zuten. Gertakari honek San Franciscoren behin betiko abandonatzea eta ondorengo desegitea suposatu zuen.
San Bartolome muinoaren indusketa, Donostia (2007)
2007an San Bartolome eremuan aurrera eramandako indusketa arkeologikoek Donostiako historiako toki enblematikoenetako baten egiturak azaleratu zituen, San Bartolome monasterio zaharra; zehazki, XVIII mende hasieran eraikitako elizaren oinplanoa. Erregistro arkeologikoak datu interesgarriak azaleratu zituen: tenpluaren neurriak; murruaren fabrika mota; bi erretaulen kokapena eta, gutxienez, bere zazpi aldareetako birena; eraikuntzaren barnealdean ehorzketek zuten kokapena; eta baita zaharragoa zen tenplu batekin erlazionatutako ehorzketa maila bat ere. Eraikina 1849an eraitsi zen ia bere osotasunean, mantendu diren egituren gehiengoa zimendu mailan kontserbatu da. Dokumentazioaren arabera, monasterioa 1250 urtea baina lehenago eraikia izan zen. XVI. mende bukaera aldera, aldiz, komentuko egituren gehiengoa suntsitu zuen sute bat gertatu zen; beranduago eliza berreraikia izan zen. Tenplu honen egiturak identifikatzea ezinezkoa izan zen arren, honi lotutako hilobiratzeak erregistratu ziren, hauek indusketaren mugetatik haratago zabaltzen zirelarik.
Karlos V. paradoreko obren kontrol arkeologikoa. Hondarribia (1990)
1990ean hotelak burututako instalakuntzen erreformak, Hondarribiko Erdi Aroko gazteluaren aztarnak azaleratzeko proiektu arkeologiko bat diseinatzeko aukera eskaini zuen. Bertan lortutako erreferentziei esker, posible izan zen Gipuzkoako Erdi Aroko beste gaztelu batzuk topatzea; Arrasateko Goikobalu edo Bergarako Elosua honen adibide dira.
Denda kaleko 18. zenbakiako esku-hartze arkeologikoa. Hondarribia (2009)
Indusketa arkeologiko honek errenazimendu garaiko bizileku-lotizazio zaharrak eta hauekin erlazionatutako okupazio mailak azaleratzea posible egin zuen, Erdi Aroko beste hainbat elementuez gain. Okupazio garaikidearen aurretik, orubea bost eraikuntz-lotez eta Ipar-Hego noranzkoa jarraitzen zuen kantoi batez osatuta zegoela egiaztatu zen. Azken honetan, Denda kaleko 16. zenbakiaren ondoan kokatua, sedimentu hezeez betetako putzu beltz bat identifikatu zen. Honek posible egin zuen bilduma arkeobotaniko interesgarri bat zein egurrezko objektu ugari jasotzea.
Ezaugarri hauetako indusketei esker, hezetasunaren ondorioz material organiko ugari kontserbatzen dituzten sedimentuez osatuak, Arkeolanek Estatu mailako hazi arkeologikoen datu base hoberenetakoa du bere eskura.
Yurreko burdinola. Idiazabal (2000)
Egun, 1469 eta 1860 urteen bitartean datatutako burdinolaren egitura, ia erabat eraitsia aurkitzen da eta, honez gain, Aristrain enpresa eta honen zabalpenerako eraiki diren eraikuntzak batzen dituen bide berri baten eraikuntzagatik estalia. Arrazoi honek bultzatuta burutu ziren burdinolaren ezaugarrien ezagutza ahalbidetu zuten ikerketa arkeologikoak. Modu honetan, tailerra, mailua, ingudea, labea eta hauspoa bezalako elementuen kokapena identifikatzea lortu zen. Burdinola honen berezitasun bat ere agerian geratu zen: burdinola gehienetan ohikoena hauspoak, uraren behar handiagoa zutenak, antepararen hasieran kokatzea zen eta ondoren mailua; kasu honetan, baina, hauspoardatza antepararen bukaeran identifikatu zen.
Santiago kaleko portua. Irun (1992)
Irungo Santiago kaleko saneamendu obren harira, Arkeolanek eremu horretako potentzial arkeologikoa ebaluatu ahal izateko prebentzio-zundaketa batzuk burutzea planteatu zen. Lan hauek Oiassoko portu erromatarren lehenengo testigantzak azaleratu zituzten. Elementurik aipagarrienak ontzitegi bat eta honi atxikitako portua izan ziren. Ontziak kaiarekiko paralelo kokatuko ziren, ontzitegiaren gainean, bertako pibotetara lotuz. Azken hauek, Atlantikoko ibaiertzeetan barrera aurki daitezkeen eta borta izenez ezagutzen direnen baliokideak lirateke. Uren maila jaitsi eta lehorrean geratzean, ontziak gilaren gainean manten zitezkeen zutik, konponketa eta mantenu lanak erraztuz. Honen eraikuntza K.o. I mende bukaeran datatu da, III mende arte funtzionamenduan jarraituz, momentu honetan gainbehera eta abandonu zantzuak dokumentatzen direlarik. Santiago kaleko aurkikuntzen garrantzia ikusirik, inguruetan esku-hartze arkeologiko berriak burutzea gomendatu zen. Bide honetatik, 1993 urtean bertan, portuko gunean bi erregistro berri identifikatu ziren. Lehenengoa, Ertzaintza komisaria eraikitzeko helburuarekin orube baten prestaketarekin iritsi zen, portuko aurkikuntzatik 150 metrora. Burutu ziren lau zundaketetatik bitan, material erromatar ugari aurkezten zuten depositu hezeak identifikatu ziren. Bigarren esku-hartzea Santiago kaleko orube huts batean gauzatu zen, 29. zenbakian, erromatar portutik distantzia gutxira. Aurreko kasuko sakonera berean egurrezko habeen lerrokada bat agertu zen, aurrez deskribatutako ontzitegiarekin erlazionatu zena.
Beraungo termak. Irun (1994-2005)
Termen inguruko lehenengo aurkikuntza 1994ean burutu zen, Salis hiribideko 28. zenbakiko etxearen eraikuntzaren harira. Hala ere, sedimentuak zehaztasunez ikertzea ezinezkoa izan zen hondeatzeko makinen lanak zirela eta, ondorioz Junkal eskolen atzealdeko orubean zundaketa batzuk planteatu zirelarik. Zundaketa hauek, 1996an burututakoak, orube honek erromatar garaiko aztarnak kontserbatzen zituela frogatzeko baliagarriak izan ziren, eta hauek igerileku batekoak zirela frogatzeko; planteamendu honi jarraiki, bainuetxe publikoen hipotesia proposatu zen. Aurkikuntzek aurkezten zuten garrantziaren aurrean, orubeko eremu osoaren indusketa planteatu zen aztarna arkeologikoen benetako izaera ezagutze aldera. Termen eraikuntza ondorengo espazioez osatua dago: frigidarium izenez ezagutzen den absidedun gela handi bat, spicatum itxurako adreilu txikiez egindakoa eta 84 m² dituen zoru originala mantentzen duena, eta baita estolda-zulo eta hustubidea; gela beroak, hiru gutxienez, osorik mantendu ez diren arren, airearen zirkulazio eta espazioen berotzerako beharrezkoa den azpiegitura kontserbatu duten; azkenik, konplexuarekin erlazionatutako beste hiru gela identifikatu dira, antzeko neurriak aurkezten dituztenak, 20m2 inguru, eta espazio ireki baterantz zabaltzen direnak, seguruenik palestra batera.
Tadeo Murgia kaleko portu-instalazioak. Irun (1998)
Indusketa hau Arkeolanek burututakoen artean oparoenetakoa izan da zalantzarik gabe, baina baita zailtasun eta esfortzu handiena eskatu duenetakoa. Santiago kaleko bilduma arkeologikoetako bolumenak errepikatu ziren, baina kopuruari dagokionean hainbat aldiz biderkatuta; hauen artean hazi eta elementu organikoen aurkikuntzak sartzen dira. Material hauen zerrendari bitxigintzako adibide txikiak, upelgintzako aztarnak, sokak eta oihal begetalak… gehitu behar zaizkio. Hau guztia, Beraungo muinoaren ertzean, estuarioaren inguruan, aurkitzen zen portu-instalakuntzekin zegoen erlazioan.
Esku-hartze arkeologikoa 1998an burutu zen, 25 x 13 metroko espazio laukizuzen batean, 1992an identifikatutako portu-konplexutik 40 metro mendebalderantz eginez. Aurrez, 1996an, orube honetan bertan, hainbat zundaketa burutu ziren eta goi inperioko kronologia zuen egurrezko egitura bat identifikatu zen. Eremu osoan irekitako indusketari esker, egitura hau bere testuinguruan ulertzea posible izan zen, atrakaleku funtzioa zuen kai baten parte zela ondorioztatzea ahalbidetu zuelarik. Azken hau lau harmailez zegoen osatua, harrizko zokalo eta egurrezko mailagaina aurkeztuz. Honekin erlazioan, biltegien existentzia ere egiaztatu zen. Esku-hartze honetan milaka objektu arkeologiko berreskuratu ziren, hauen artean bilduma zeramikoak zein egur eta larruzko piezak izanik aipagarri. Harmailetako batzuk bere lekutik atera ziren ondoren Oiasso museoan instalatzeko helburuarekin.
Kronologikoki, kaiaren eraikuntza K.o. 70- 120 urteen bitartean datatua izan da; honen erabilera II mende osoan zehar luzatuko litzateke eta, beranduagoko adierazlerik ezean, abandonua III. mende bukaera aldera finkatu beharko genuke.
Santiago kaleko 55, 57 eta 59 zbkk. eta Bidasoa kaleko 3. zbk. Irun (2008-2009)
Santiago eta Bidasoa kaleek bat egiten duten ertzean, 1000 m2 okupatzen dituen eremu batean, etxe eta garajeak eraikitzeko programa bat diseinatu zen eta, honi lotuta, baita esku-hartze arkeologiko bat ere, 2008ko abuztu eta 2009ko iraila bitartean luzatu zena. Indusketaren aspekturik azpimarragarriena hainbat biltegiren aurkikuntza izan zen, estuarioko uretatik gertu kokatuak, hauetatik defendatzeko euste-hormak eraiki zituztelarik baina ez portu-instalakuntzarik. Hoberen kontserbatu zenak horreum baten oinplanoari erantzuten dio. Eraikuntza deigarria zen bere neurriengatik, 14 metro zabal aurkezten baitzituen. Harriz eraikitako alboko itxituren zimenduak ere identifikatu ziren; lehorrean eraikiak, 75 cm-ko zabalera aurkezten dute. Eraikuntzaren iparraldeko itxitura ez zen klontserbatzen eta hegoaldea indusketako mugetatik kanpo geratzen zen; hala ere, eta luzera osoa ezagutzen ez den arren, 18 metro luze dituen zati bat kontserbatzen da. Honek guztiak Ipar-hego noranzkoa jarraitzen zuen eraikuntza laukizuzen batetaz hitz egitera garamatza. Biltegi handi honetaz gain, ekialdeko itxituraren ondoan forma laukizuzeneko hainbat espazio erregistratu ziren, bata bestearen ondoan eraikiak, aipatutako horreum-arekiko perpendikularki.
San Juan eta Jenaro Etxandia plazak. Irun (2010)
Esku-hartze arkeologikoa, San Juan eta Jenaro Echandia plazen birgaitzearen ondorioz eraman zen aurrera. Arkeologiari dagokionean, eta bertan aurrikusitako sotoak eraiki ahal izateko, orube osoaren indusketa suposatu zuen. Proiektu honek K.o. Igo mendean burututako berrantolaketa urbanistiko garrantzitsu bat azaleratu zuen. Erromatar garaiko lan hauen bitartez, asentameduak lurzoruan zituen sakonuneak bete egin ziren, bertan terrazez osatutako gune bat eraikiz. Aipatutako lurrazalaren irregulartasunak, zaborra jaurtitzeko espazio bezala aprobetxatu ziren, bertan pilatzen joan zirelarik botatako objektu ugari. Beranduago, Erdi Aro eta Aro Modernoko esku hartzeek -hauek ere etxeak eraikitzeko- berriro birmoldatu zuten lurzorua, eta, seguruenik, erromatar garaiko okupazioaren azken faseak desagerraraziko zituzten.
Dorletako iturburu gazia. Leintz-Gatzaga (1992)
Gatz Fabrikaren instalakuntzen birgaitze proiektuaren barruan, XX. mendea baino lehenagoko gatzaren produkzio faseak dokumentatzera bideratutako ikerketa arkeologikoak burutu ziren. Zehazki esateko, dorlen ustiaketa sistema ezagutu nahi zen –sua erabiliz burututako lurruntze bidez-. Lan hauen garapenean, eta iturburu gaziaren inguruetako instalazioen garbiketa lanen prozesua martxan zela, terra sigillata beranta eta tokiko produkzioko zeramika arrunteko hainbat zati aurkitu ziren. Material hau K.o. V. mendean datatu zen.
Oiartzungo parrokia (1994)
Tenpluaren birgaitze lanekin batera ikerketa arkeologikorako programa bat diseinatu zen, hainbat faseetan lan eginez eraikuntzaren lur-azpia ezagutzea zuen helburu. Aurkitutako aztarnen artean XVIII mendeko inskripzioak aurkezten zituzten 493 harlauzez osatutako bilduma da aipagarri, haranean bizi ziren familiek hileta-erritualetarako erreferentzia bezala erabiltzen zituztenak. Harlauzez osatutako zoruaren azpian aurreko eraikuntzen aztarnak erregistratu ziren, XVI. mendekoak, lehenengo tenpluaren burualdea eta honi atxikitako ehorzketak barne. Honez gain, aipamen berezia merezi du 900 txanponez osatutako bilduma numismatikoak, jatorri eta kronologia anitzekoak, hauen ikerketa Miguel Ibañez Artica-k burutu zuelarik.
Arditurriko meategiak, Oiartzun (2008-2010)
Arditurriko meatzeen baliabide arkeologikoak tokiko museoan zein Aiako Harriko parke naturalean integratzea izena daraman proiektuak, miatze eta indusketa jarduera arkeologikoak, bisitarien harrera eta bisita gidatuen antolaketarekin uztartzea zuen xede.
Helburu honekin ireki zitzaion publikoari -2008ko udaran- Arditurri 20ko barrualdean, meatze nagusiena, burututako indusketa arkeologikoa. Esku-hartze arkeologikoa hainbat erromatar galerietan barrena hedatu zen. Sedimentu hauetan aztarna zeramiko ugari bildu ziren, torrefakzio lanetarako erabilitako egurra eta, nobedade handiena bezala, artile oihal zati bat. Adierazle kronologikoek K.o. 25 eta 150 urteen arteko epea hartzen dute.
Lan arkeologikoek Arditurri 3 meategian jarraitu zuten, Arditurri 20-an 2008ko kanpainan bizitako esperientzia errepikatu eta hau ere bisiten programan integratzeko asmoarekin. Arditurri 3 meategiak sarrera bat estalia zuen eta hau irekitzea proposatu zen, modu honetan Arditurri 20ko ibilbidea osatu eta bisitariak meatzaritza lanen prozesu osoa uler zezaten. Lan hauek, baina, espero baina gehiago luzatu ziren, lurrean irekitako lubaki bat agertu baitzen sarreraren parean. Aurrea jarraitu ahal izateko lurzoru naturalean egindako ebakidura hau -topografikokiko miaketa galeriaren irteerarekin bat egiten zuena- erabat hustea beharrezkoa izan zen. Bertatik ateratako sedimentuen artean, elementu zeramikoez gain, artilezko oihalen bi zati berreskuratu ziren. Jasotako datu kronologikoek K.o. I eta II. mendeetan kokatzen gaituzte.
Bestetik, Arditurriko meatzean kontserbatutako meatzaritza lanen identifikatze lan sakon bat gauzatu da, ustiaketa modernoak zein antzinako miatze-galeriak aztertuz. Momentu honetararte burututako lanen dimentsioak, erregistratutako lan erromatarren zerrenda zabaltzea ahalbidetu du. Guztira, 3 km baino gehiagoko ibilbidea osatzen duten 44 erromatar meatzaritza unitate ezagutzen dira. Zifra hobek, Arditurriko meatzea, Erromatar Inperioko lurraldeen artean interes arkeologiko handienetakoa eskaintzen dutenen artean sartzen du.
Urbia, artzaintzaren arkeologia. Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra (1988tik gaur egun arte)
1988 urtetik aurrera Urbiako haranean miaketa arkeologikoak burutu dira. 1000 metroko altueran aurkitzen den kokaleku honetan trikuharriak zein artzaintza munduarekin erlazionatutako aztarnak topatu dira, duela hainbat mendetatik hona paraje hauetan protagonista izan den jarduera. Bere kokapen geografikoa ere aipatu beharra dago, Arabako lautada eta Urola eta Oria goi-ibarren artean. Miaketa kanpaina hauek, Bitoriano Gandiaga frantziskotarrak aurkitutako trikuharriak kokatzeko helburuarekin planteatu ziren, toki ugaritan hauen balioa egiaztatuz, gehienek artzain okupazioekin erlazio zuzena dutelarik. Kareharriaren azaleratzea aprobetxatzen duten etxolen oinarri txikiak dira orokorrean. Zaharrenak Brontze Arokoak dira, baina badaude beste fase batzuetakoak ere: erromatar garaikoak; antzinate berantiarrekoak, goi, erdi eta behe Erdi Arokoak; eta ondorengoko garai historikoetakoak. Ahakela eta Zoitokietako eremuak dira nabarmentzekoak, bertan Burdin Aroko habitat unitate ugari eta hainbat hileta-tumulu pilatzen baitira. Modu berean aipatu behar dira ondorengoak: Kalparmuino, Zabalaizpe eta Laskaolatzako testigantza erromatarrak; eta Kalarmuinoko antzinate beranteko zein goi Erdi Aroko okupazioak.
La Estacada-ko herri hustua. Labastida (2006)
La Estacada izenez ezagutzen den eremuaren interes arkeologikoa baloratzeko helburuarekin buruturako esku-hartzeak, Erdi Aroan hustutako herri baten testigantzak azaleratu zituen: ehorzketak eta siloak.
Nekropoliak, aurkezten zuen hedadura murritzagatik, hareharri harrobi bezala erabilia izanaren zantzuak erakusten zituen. Erregistratutako bi hilobiak -bata helduarena eta bestea umetxo batena- harrobiagatik eraldatuak agertzen ziren, ehorzketa zuloen jatorrizko mugak galdu zirelarik. Siloei zegokienean, hilerriari lotutako habitat gunerekin erlazionatu beharko lirateke eta, ez oso urrun, etxebizitza unitateak zein burdinaren lanketarako tailerrak egon zitezkeen.
Herrixka eta nekropoliaren arteko harreman espaziala Mendebaldeko haizeen noranzkoagatik finkatua egongo litzateke, nekropolia herrixkaren ekialdean kokatuz. Antolaketa modu hau handik gertu aurkitzen den Santa Eulaliako nekropolian errepikatzen da. Bi aztarnategiek ezaugarri tipologiko zein kultural antzekoak aurkezten dituzte. Ildo honi eutsiz, La Estacadan berreskuratutako bilduma arkeologikoei VIII eta XII mende bitarteko adierazle kronologikoak aplika dakiekegu.
Fortuna Augustaren tenplua, Ponpeia (2010-2011-2012)
William Van Andringaren zuzendaritzapean, Fortuna Augusta tenpluan – foroaren inguruan aurkitzen den hiriko monumentu garrantzitsuenetakoa- burutzen ari den diziplina anitzeko ikerketa proiektuan parte hartzen du Arkeolanek. Tenplua eta honen inguruak XIX. eta XX. mendeetan zehar indusiak izan ziren; lan hauetan, fundazio inskripzioa, kapitelak eta tenplua apaintzen zuten beste hainbat elementu berreskuratu zirelarik. Hala ere, tenpluaren eraikuntza eta garapenaren inguruan zein honen aurreko faseei dagokienean -kultuaren bultzatzailea izan zen M. Tulliusen domusa orube honetan bertan aurkitzen zenekoa- asko dira oraindik azaltzeke dauden aspektuak. Espazio honen integrazioa hiri sarearen barruan, proiektuaren beste helburu nabarmenetako bat da.