Ekipamendu-kulturalak

Lurraldeko arkeologi museoaren gabeziaren aurrean, Arkeolanek egindako aurkikuntza nabarmenak formula alternatiboen bidez gizarteratuak izan dira. Agorregiko burdinolaren zaharberritzea, Pagoetako parkean (Aia), bere ikerketa, berreraiketa eta martxan jartzeko faseekin, modu honetako lehenengo esperientzia suposatu zuen. Agorregiren ondoren beste hainbat proiektu iritsi ziren: Leintz Gatzagako iturburu gaziaren birbalorazioa eta Gatzare Museoaren irekiera; Iraurgiko San Martin ermitako; Azkoitia, eraikuntzaren berreskurapena eta tokiko izaerarekin erlazionatutako erakusketa iraunkorren gauzatzea; Fanderiako museo gunearen antolaketa, Errenterian; Arditurriko meategiak publikora zabaltzeko emandako laguntza; eta Irungo Oiasso Museoaren sustapena, zalantzarik gabe Arkeolanek bultzatu duen proiekturik osoena. Zerrenda luze honi Arrasateko erdi aroko harresi eta dorrearen aurkikuntza – Harresi erakusketa aretoaren sorrerarako oinarriak finkatu zituena- eta Getariako San Salvador parrokiako kripta arkeologikoaren eraikuntza gehitu behar zaizkio.

Jarduera lerro garrantzitsuenak

Agorregiko burdinolaren zaharberritzea, Aia (Gipuzkoa)

Arkeolan arduratu zen aztarnak aztertu eta interpretatzeaz, adibide berezi eta bakar baten aurrean zeudela ondorioztatu zelarik, antepara bikoitza baitzuen hauspo eta mailua urez hornitzeko. Proiektu hau Francisco de Yberok diseinatu zuen eta 1754an eraiki zen. Gipuzkoako Foru Aldundia zen burdinolaren jabea eta Arkeolani zaharberritze proiektua idaztea eskatu zion. Lan hauek 1991ean eman ziren amaitutzat eta handik gutxira publikoari ireki zitzaion. 1995, 1996 eta 1999 urteen bitartean Arkeolanek arkeologia esperimentaleko programa bat bultzatu zuen, Peter Crew-k zuzendutako nazioarteko talde baten laguntzaz; berriro burdina lantzea posible izan zen, horretarako metodo tradizionalak berreskuratu zirelarik. Lanaren prozesu osoa eta Agorregin lortutako emaitzak Gipuzkako Foru Aldundiak argitaratutako bi aletan bildu dira:

I liburukia. Agorregiko burdinola eta errotak (Aia, Gipuzkoa): Zaharberritze baten historia.

II liburukia. Agorregiko burdinola eta errotak (Aia, Gipuzkoa): Arkeologia esperimentala.

 

Ondarelekua, Iraurgiko San Martin. Azkoitia (1993-1999)

San Martin ermitaren egungo eraikuntza XIX eta XX mendeetan zehar burututako hainbat esku-hartzeren ondorioa da. Hauen artean garrantzitsuena 1942an gauzatutakoa da, gerraosteko osasun beharrei erantzunez tuberkulosiaren aurkako erietxe bihurtu zenekoa. Ondoren udaletxeko langileen etxegune modura erabilia izan zen, aurreko mendeko laurogeigarren hamarkadan hutsik geratuz. 90. hamarkada erdialdera, Arkeolanek terrazen estaltzerako lehenengo proiektu bat diseinatu zuen eraikuntzaren antolamendu originala berreskuratzeko helburuarekin. Barneko indusketez ere arduratu zen (1993-1996) eta, lortutako emaitzen garrantziak bultzatuta, lekuko unitate didaktiko zein erakusketa iraunkorra diseinatu ziren, tokiko museo txiki baten funtzioa hartuz. 1999ko ekainean inauguratu zen.

Fanderiako errotaren berreskurapena. Errenteria (1995-2003)

1995an, eremu horretarako diseinatutako hirigintza-birmoldaketa baten harira, Arkeolanek ondare higiezinen balorazio bat burutu zuen. Lan honi esker, fanderia izeneko laminazio hidrauliko zahar baten hondakinak identifikatu ziren, XVIII. mende bukaera aldera eraikia izan zena. Denborarekin, aztarna hauek irin fabrika batean integratu ziren, azken honetatik, lau harri pare eta turbina baten bidez martxan jartzen zen mekanismo konplexu bat kontserbatu zirelarik. Irin fabrika pentsu fabrika izatera pasa zen eta, hau izan zen, hirigintza planaren ondorioz behera bota zen eraikuntza . Eraisketa kontu handiarekin egin zen, gune nagusia eta ehotzeko makineria kontserbatzea ahalbidetuz. Ondoren, jatetxe txiki bat eta laminazioaren historiaren inguruko museotxo monografiko bat irekitzeko asmoarekin, eraikuntza berregin egin zen, errotarriak berriro ere funtzionamenduan jarriz.

Getariako San Salvador parrokiako kripta arkeologikoa (1996-1997)

Tenplu honetan, 1397an, Gipuzkoako Ermandadea eratu zen eta gertaera honen 750. urtemuga ospatzeko, 1996an eraikuntzaren birgaitze lanei hasiera eman zitzaien. Obra honen garapenean zehar ikerketa arkeologikoak ere burutu ziren. Esku-hartze honek, eraikuntzaren zoru osoa okupatzen zuen komunitate-panteoi baten existentzia utzi zuen agerian. Panteoiak hainbat elementu estaltzen zituen: eraikuntza zaharragoen egiturak, hauen nekropoliak, eta hirigunea inguratzen zuen harresiaren hainbat aztarna. Indusketak aurrera egin ahala, zorupea bisitatu ahal izateko korridore bat prestatu zen eta, 2002an, kriptaren egokitze proiektu bat idatzi zen. Ekimen hau europar programa batean txertatu zen zeinean, Gipuzkoako Foru Aldundiaz gain, Florentziako unibertsitateak (Italia), Conimbriga-ko museoak (Portugal), Lucciana-ko Comune-ak (Korsika) eta ARKEOLANek parte hartu zuten. Prestaketa lanak 2005 urte arte luzatu ziren.

Kriptan ondoko elementuak musealizatu dira:

Erromatar garaiko asentamenduari dagozkion sedimentuak

Lehenengo elizaren inguruan aurkitzen zen nekropoliaren harlauzazko hilobiak, X-XII. mendetakoak.

1397ko uztailaren 6an, Gipuzkoako Ermandadea osatzeko, lurraldeko ordezkariak jaso zituen tenpluaren fatxada bat, itsaso aldera ematen zuena.

Erdi Aroko hirigunea defendatzen zuen harresiaren zimendatzea.

Komunitate-panteoiko hilobi familiarren ilarak, XIX mendean abandonatua.

Oiasso erromatar museoa. Irun (1996-2006)

Santiago kaleko portuan aurkitutako testigantzen garrantzia ikusirik, 1996an Irungo udaletxeak Arkeolani museo erromatar baterako aurreproiektua idaztea eskatu zion. Egoitza modura erabiltzeko hainbat eraikuntza aztertu ondoren, Eskoleta kalean aurkitzen zen Junkaleko eskola zaharren hautua egin zen. Eraikuntza neoklasikoa zen, baldintza txarretan kontserbatua, baina birgaitu eta bertan museoa jartzeko bermeak eskaintzen zituena. Arkeolanek 1996ko urte horretan bertan, ondoko orubean, erromatar hiri bateko antzinako termen aztarnak aurkitu zituen.

 

Aurreproiektuaren ondotik oinarrizko proiektua iritsi zen eta, ondoren, gauzatze proiektua. Udaletxeak bere gain hartu zituen obrak hauek 2002an hasi ziren eta, 2005ean, bildumak eta erakusketa iraunkorra jarri ziren. 2006an, museoaren kudeaketaren lehiaketa publikoa burutu zen eta, azkenik, K6 eta Arkeolanek osatutako ABEE-ak (aldi baterako enpresa-elkartea) hartu zuen honen ardura.

Gatzaren museoa proiektua, Eugenio Otsoa. Leintz-Gatzaga (1992)

1990ean, udaletxeak Gatz Fabrika erautsi eta bertan museo bat ireki ahal izateko eraikuntza bat altxatzeko ideia izan zuenean, Arkeolanek sustatzaileak konbentzitu zituen eraikuntza bota beharrean berreskuratu eta bertan museoa ezartzeko. Bertan lan egiten urteak zeramatzatenez, ongi ezaguten zuten ingurua. Pixkanaka, udaletxea murru eta teilatuak berregiten ibili zen, bideak berreskuratzen eta obra-hondakinak kentzen. 1992an, Arkeolanek putzu gazian zeuden hondakinak atera zituen eta, 1996an, ur gazia igotzeko makina eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen: tokiko nortasunaren adierazle bihurtu den patenotre-a. Hau burutu ahal izateko, ura biltzen zuen presa berregitea beharrezkoa izan zen, kanalak berreskuratzea, eta mugimendu-gurpila zein kanjiloi-errosarioa eraikitzea. Lanak 1999an bukatu ziren.

Arditurriko meagunea eta bere interpretazio zentroa. Oiartzun (1983-2010)

Arditurriko lehenengo identifikazio arkeologikoak 1983 urtekoak dira, ustiaketak oraindik funtzionamenduan zeudenekoak. Orduan egin zen erromatar meatzaritzaren lehenengo katalogoa, 9 galeriez osatua. 2002an, Aiako Harria parke naturalaren izendapenarekin, Arditurriri –bere kokapenagatik, parkerako sarrera nagusienetako baten ondoan- arreta berezia eskaini zitzaion. Urte horietan, eta Felix Ugarte elkarteko espeleologoekin lankidetzan, miaketa lanei ekin zitzaien berriro. Lankidetza honetatik ateratako datuen artean Arditurri 20 meategiko emaitzak dira azpimarragarri, publikoari irekitzeko hautatua izan zena. Arkeolan eta Felix Ugarte arduratu ziren birgaitze proiektua aurrera eramateko prestatuta zeuden ingeniariak topatzeaz eta, lan hauek bukatutakoan, proiektua edukiez hornitzeaz. Meategiak, 2008an publikoari irekia, abenturazko bisita bat eskaintzen du, erromatar meatzaritzaren ikerketa prozesuan arkeologo eta espeleologoen pausuak jarraitu ahal izateko.

www.arditurri.com