Joan den otsailaren 11n ate irekien jardunaldia egin zen herritarrei Irungo Santa Elena ermitan egindako hobekuntzak ezagutarazteko. Arkeolan Fundazioak, Oiasso Museoaren kudeatzaile gisa, baselizan beharrezko finantzaketa lortzeko eta obrak egiteko lanak koordinatu ditu.
Espazio sakratua 20 mendez.
Xantalen ermitak hartzen duen espazioak erabilera erlijiosoak izan ditu 2.000 urtetan zehar. Lehenik, nekropoli edo hilerri bat izan zen, Oiassoko biztanleen hileta-kultuak hartzen zituena; 106 errausketa-kutxa eta harrizko hiru mausoleoren aztarnak aurkitu dira; geroago, X. mendean, eliza txiki bat ezarri zen, erromatar eraikinetako bat aprobetxatuz; eliza txiki horren ordez beste eliza kristau bat jarri zen XIV. mendean. XVI. mendean lortu zituen gaur egungo neurriak. Ermita Konstantinoren amari eskainia dago, 313. urtean kristau erlijioa baimendu zuen enperadoreari. Jesus Nazaretekoa hil zeneko egurrezko gurutzearen aztarnak aurkitzeagatik santu egin zuten Elena.